XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8.8 HURRENGO BATEAN JOSTEKO GERATU ZAIZKIGUN HARI BATZUK

Hemen jorratu ditugunekin lotura duten eta (perpausen sintaxiari baino areago, izen-sintagmen eraketari, aditzen erabilerari edo halako beste zer puntualagori dagozkiolako) liburutik kanpo geratu zaizkigun gai garrantzi handiko batzuen aipamena bederen egin nahi dut amaierako honetan.

Aipatu dugunez, nominalizazioei buruzko atalak emango luke tiraka hasteko aukerarik zabalena. Hasteko, askotariko ondorioak (eta ez soilik gramatikalak edo estilistikoak) atera daitezke abstrakziorako joera orokorraren azterketatik. Horrekin loturik, halako prozeduren lasto-garietan guk egin dugun baino luze-zabalago eta sakonago iker liteke noski, eta anekdotario agortezina bildu ere bai.

Gure honetan, haatik, prozeduraren oinarria azaltze hutsean geratu gara, eta euskarari horrek konplementazio mailan, bereziki, hots, sintaktikoki sortzen dizkion ezbideen salaketan, arrazoi ia fisikoak baitaude estilo hori bere horretan guretzea eragozten dutenak.

Eragozpen horrek itzulpen zuzen nahiz zeharkakoan duen eragin zabal bezain sistematikoaren ondorioez jabetzea dugu, hain zuzen, egiteko ezinbesteko bezain gaitza.

Bestetik esan gabe zihoan, baina hona esan, bada nominalizazioenaren antzeko beste prozedura morfo-sintaktikorik antzeko auziak eragiten dituenik, eta gurean gehienetan ikuspegi soilik lexikotik heldu ohi zaionik. Hala nola -tzaile, -kor, -garri, -dun eta abarrez sortzen edo sorrarazten diren hitzen ingurukoa.

Adjektibo sarri izen bihurtuon azpian ere, bistan da, perpaus bat dago, eta, besteak beste, nominalizazioetan ikusi ditugunen antzeko konplementazio-arazoak ekarriko dizkigu sistematikoki erdarazkoen baliokideen bila hasteak.

Kasu batzuetan, gainera, ez dirudi erraz ihes egin diezaiokegunik zezen horri: el embajador de Italia en Suiza.

Ematen zaion soluzioa gora-behera (konbentzio terminologiko adostu bat behar da, eta ez dagokit niri erabakitzea), bistan da (baina belarri asko dabil erdarak itsu) horren itzulpena ez dela Italiako enbaxadorea Suizan.

Beste alde batetik, zeharka aipatu dugunez, nominalizazioek (ez berek bakarrik, baina bai bereziki) mugagabe absolutura jotzen dute erruz, idazpuru-izenburuetatik hasi, zerrendatzeetatik segi, eta joskerarik arrunteraino (esaera modukoak barne)